01/08/03 Lincoln (IL) – Stanton (MO) / 422 km

 

Goizean jaiki eta gosaltzeko aurrerantzean askotan bezala inguruetako supermerkatu batetan sartu eta esnea, zukua, fruta eta gozokiren bat erosi genuen. Bide luzea genuen aurretik, beraz ondo gosaldu beharra zegoen.

 

Illinois estatua utzi baino lehenago lehen aldiz pasa behar genuen Springfield-etik. Illinois-en zein Missouri-n Springfield bana dago eta guk erabaki genuen Bart Simpson bietako zeinetan bizi den asmatzea. Horren bila genbiltzala aldiz, Shea´s topatu genuen (2075 Peoria road) SHEA´S Bertan Bill Shea ezagutu genuen. Route 66-ri buruzko izugarrizko bitxikeri bilduma dauka prestatutako bi gelatan. Bide guztian mota honetako bildumarik hoberena dauka Bill-ek. Gainera, bera oso jatorra da eta luzez egon ginen han mintzatzen. Nongoak ote ginen galdetu zigun berak prestatutako liburuan guk sinatu eta gero. Euskaldunak ginela esandakoan, asko interesatu zen. Bere liburuxkan kolore horiz markatzen zituen atzerritarrak eta gure izenak, aldiz, laranjaz margotu zituen, Basque Country hori oso berezia iruditu zitzaiolako, nonbait. Hanka egin baino lehenago, berarekin batera Josuneren argazkia egin nuen.Kopia bat bidali genion errebelatzerakoan. Beraz, handik pasatzen den jende guztiak ikusi ahal izango gaitu. Bestelako Route 66 hainbat eta hainbat ikurra ez bezalaxe, Shea´s (The truck cover people) errepidearen zaletasunagatik egina da, dohainik da eta Bill-ekin hitz egitea zoragarria da. Bere altxorrei buruzko argibideak eman ez ezik gure munduaren informazioa jaso nahi du Bill-ek.

 

Aurrera jarraitu genuen autopistaren ondo ondotik zihoan bide batetik. Beraiek “service road” deitzen diote. Autobidean ezbeharrak sortzen direnean bertara iristeko erabiltzen da. Nahiko nekatu ginen bide kaxkarretik joateaz ondoan autopista izanik eta azkenean amore eman eta autopistan sartu ginen. Saint Louis-eko hirira nahiko azkar iritsi ginen. Bertan “Chain of Rocks” zubia dago, Route-ren beste ikur bat. Aurkitzea izugarri kostatu zitzaigun. Izan ere, bertara iritsi arte ematen du bide arrunta dela eta zubia Missisipi ibairen bestaldera doala. Ondo iristeko mapa on bat alboan edukitzea ezinbestekoa da. Zubia egun itxita dagoen arren, ospetsua da erdialdean angelua egiten duen bihurgune bat duelako eta hori dela eta hainbat gidarik zuzen jarraituaz ibaian bukatzen zutelako hainbat metrotako jauzi baten ondorioz. Izan ere, zeinek espero du zubi baten erdian bihurgune hori egotea? Iluntasunak eta alkoholak ere zerikusia bazuten hainbat kasutan.Chain of rocks

 

Egun zubia oinezko zein bizikletentzat dago irekita, baina soilik asteburuetan. Detaile txiki horren berri guk ez genuenez soilik sarreraraino iritsi ahal izan genuen. Zorte txarra. Pena bat izan zen zeren eta horrelako zubi handi batetan oinez ibiltzea xelebrea izan behar du. Gainera, denbora dexente galdu genuen eta Saint Louis ez genuen ikusi ahal izan eta autopista hartuta aurrera jarraitu genuen. Missourin sartzea polita da oso. Illinois oso laua eta horia izanik Missouri mendirik eduki gabe, nahiko aldapatsu eta berdea da. Kontraste ederra eta hainbat kilometroren ondoren benetan eskertzen da paisai aldaketa.

 

Gure asmoa Rolla-raino iristea bazen ere, autopistaz jarraitu genuen Stanton eta bertan dauden Meramec Caverns-eraino iritsi arte. Josunek gelditu nahi zuen zeren ezin zuen gehiago motoaren gainean, ipurdian min handia zuen, edozein aitzakia ona zen gelditzeko eta bertara ailegatzean oso akanpatzeko leku ederra zegoela ikusi genuen eta aurrera ez genuen jarraitu nahi izan. Meramec Caverns izenak dion bezala bertan dauden kobazuloengatik da ospetsua. Muntaia ederra dago barrenean eta ez ginen sartu, beno Josune bai, kuxkuxeatzera, ordaindu gabe joan zitekeen punturaino joan zen, eta 60-etan dantzaleku klimatizatu natural bezela erabiltzen zen koba ikusi zuen, eta horrekin oso pozik etorri zen, postala eta dena erosi zuen. Kondairek diotenez Jesse James eta bere gizonak kobazulo horietan izkutatzen ziren, trenak lapurtu ondoren. Adituek diotenez berriz, hori dena gezur borobila da eta bertakoek turistak erakartzeko zabaldu duten zurrumurrua besterik ez da. Hala bazan ez bazan, sar dadila kalabazan eta gu bertako ibaian bainatu egin ginen. Uraren tenperatura oso altua zen: 35º C inguru. Korrontea indar handiz zetorrela eta, bertan bainatzea debekatuta dago. Kanpina zaintzen zuen gizonarengana hurbildu nintzen non bainatu gintezkeen galdezka eta zera esan zidan: debekuaren kartelak ezbehar baten kasuan beraien kontra epailearen aurrean ezin jo ahal izateko ziren. Arazorik gabe bainatu gintezkeen beraz, eta horrela egin genuen.

 

Afaltzera inguruko herri batetara joan ginen eta kanpinera iluntasunean bueltatzean , atean zeuden marshall-ek (Yoggie artzaren marrazki bizidunetan agertzen ziren horietakoak) argia begietara zuzenduaz gaizkileak bagina bezala tratatu egin gintuzten. Motoan gindoazelako ote?

 

Gau ederra zegoen, ilargi betea eta hainbat kanpistek sua egina zuten. Erromatikoa oso.