01/08/07 Canyon (TX) - Santa Fe (NM) / 650 km
8-tako bidean ginen dagoeneko, berriro eguerdiko izugarrizko beroa ekiditu
ahal izateko. Amarillora bueltan joan ginen Route 66 berriro jarraitu asmoz.
Bertatik atera bezain pronto gure ezkerraldean sumatu genuen Cadillac Ranch.
Zer da? Cadillac zahar pilo bat lurrean sartuta autopistaren ezkerraldean
dagoen zelai batetan. Besterik ez. Toki xelebrea benetan, akaso zentzurik
gabekoa? Gu erretratuak egiten ibili ginen denbora luzez, auto zaharrei agur
esan baino lehenago.
Gure bidea jarraitu genuen eta Texas-etik atera baino lehenago gure
ibilbidearen erdi-erdian kokatua zegoen herritik pasatu ginen, Adrian, alegia.
Bertan hori ospatzeko kafe bat omen zegoen (Mid-Point Café) baina guk ez genuen
ikusi autopistaren irteera galdu baikenuen. Texas-eko zatian apenas zegoen
aspaldiko bidearen aztarnarik eta zati gehiena autopistaz egin behar izan
genuen.
New Mexikora sartu baino lehenago azkeneko herrixkan gelditu ginen eta
“hildako herria” zen. Aspaldiko bidearen aztarnak bazeuden baina inolaz ere
gure motoarekin egiteko modukoak. Abandonatutako motela eta kafea ikusi genituen
eta Josune, beti bezala, kuxkuxeatzen ibili zen, gidari nekatuak atsedena
hartzen zuen bitartean. New Mexikon sartzerakoan ordua aldatu behar izan dugu
bigarrengo aldiz. Ordubete gutxiago. Tucumcari izeneko herritik pasa ginen eta
bertan zeuden motelekin liluratuta gelditu ginen. Blue Swallow da ospetsuena
baina hau bezain politak dexente zeuden. Lastima hor ez genuela gaua pasatu
behar...
Hemendik aurrera Route 66 bi daude. Zaharrena Santa Fe-tik igarotzen da,
baina bertsio berriago batetan bertatik igaro gabe Alburquerquera doa zuzenean.
Guk aukeratu genuen Santa Fe-tik pasatzea eta aurrerantzean egin genuen bidea
arras polita izan zen. Rocky Mountains delakoen hegoaldera gerturatzen ari
ginen. Pecos National Park-en, Santa Fe-tik nahiko gertu, lo egitea zen gure
asmoa. Bertara iristerakoan apenas zegoen tokia eta gainera halako mikroklima
bazegoen, mendien artean, eta hezetasuna eta euria ziren nagusi. Egun bakar
batetan pasa ginen Texaseko sargoritik Pecos-eko hezetasunera. Bertan ezin
gelditu eta gaua Santa Fen pasatzea erabaki genuen. Kanpina segituan aurkitu
genuen eta euriak poliki hasi bazuen ere, bertan akanpatu genuen. Juxtu juxtu
izan genuen denbora Santa Fe-ko erdikaldera joateko. Josune eta biok nahiko
liluratuta gelditu ginen bertako etxeekin. Inguru haietako estiloak ba ote du
parekorik Estatu Batuetan? Benetan berezia, nahiz eta erdikaldea nahiko
itxurazkoa iruditu zitzaigun.
Bertako kale saltzaile batzuei galdetu eta gero janari Newmexikatarra
gomendatu ziguten eta Tomasita izeneko jatetxera joan ginen. Aspaldian tren
geltokia zegoen tokian dago jatetxea. Afaltzeko jende ugari zegoen zai, baina
txanda hartu eta gero tren geltokia ikustera joan ginen. Bueltatu bezain pronto
sartu ginen. Izan ere, birentzako mahaia beti azkarrago libratzen da
zortzirentzakoa baino...
Kanpina bueltatu eta gauren erdian euria nahiko gogor hasi zuen. Josune
Jaiki egin zen gure traste guztiak plastikotan sartu eta mahiaren azpian
uztera. Jeta asko dutela esan zidan eta nik aldiz: she is often right...