01/08/08 Santa Fe (NM) – Grants (NM) / 326 km
Nahiko nekatuta ginen zegoeneko eta gainera apenas genuen arropa garbirik.
Beraz erabaki genuen goizean arropa garbitzea eta beranduago ateratzea.
Nire
arrebaren zorionak zirela eta deitu egin genion, telefono txartela zazpi minututarako
nuela esan zidan. Bi hitz egin eta gero Josuneri eman nion bere amari deitzeko
eta zegoeneko txartela bukatuta zegoen. Letra txikia, nonbait. Kriston timoa,
alegia.
Alburquerquera abiatu eta segituan
autopistan izugarrizko abiaduran rantxera horietako bat aurreratu gintuen.
Atzealdea altzairuz beteta zituen eta aulki bat erori eta errepidearen erdian
gelditu zen. A ze arriskua!! Kontu handiz jarraitu eta segituan hartu genuen
errepide zahar bat Alburquerquera iristeko. Alburquerque ez zitzaigun espero
bezainbeste gustatu. Bertatik atera ginen aspaldiko errepidetik, zeinak buelta
ederra ematen baitu berriro mendebaldera abiatzeko. Baina paisaiak politak
ziren eta gustura egin genuen. Hala ere, aurrerago itxura txarreko hainbat
laino ikusten zen. Libratuko ote ginen? Bai eta ez. Ekaitzak harrapatu egin
gintuen errepidearen erdian, baina aurreraxeago zerua argia zegoenez azkar
jarraitu genuen haize boladek gurekin jolastu nahi zuten bitartean. Gelditu
ginenean bitxikeri batetaz ohartu ginen: gure gorputzaren ezkerraldea blai
eginda zegoen bitartean eskubialdea lehorra genuen. Ekaitzaren ertzean edota
haizearen ondorioa? Ezin esan.
Aurrera jarraitu genuen eta indiar erreserbako lurraldean sartu ginen, Navajo
Nation deiturikoa. Gure bidea bilatu nahian ere, indiar herri baten barrenean
sartu ginen. Nahiko gaizki bizi direla esan daiteke. Txabolismoaren nahiko
gertu.
Berriro hasi zuen euriak eta “Villa de Cuberon” Trading Post batetan
sartu ginen. Aspaldiko garaietan honelako dendak ibiltarientzat beharrezko
geldiuneak ziren nonbait. Gaur egun, auzoko dendak bezala funtzionatzen dute.
Euriak gelditu bezain pronto, berriro abiatu ginen. Gure errepidean obretan
zeudela eta, mila batzuetarako autopista hartu genuen. Ikusi ahal izan genuen
nola indiar lurraldean kasinoak legezkoak diren eta han bazegoen bat izugarri
handia.
Euri mehatxua zela medio, lehenengo aldiz, gure planak apurtu eta Grants-en
gauerako gelditzea erabaki genuen.Bertan Josuneri kanpotik gehien gustatu
zitzaion motela Franciscan Lodge zuen izena. Hori izaten zen gehienetan non lo
egin aukeratzeko kriterioa, eta beraz hara joan ginen. Bertako arduraduna
indiarra zen eta oso ondo tratatu gintuen. Motoak liluratuta zegoen eta galdera
ugari egin zizkidan haur txiki baten antzera. “Angel” izeneko katu bat zeukan
eta txakur baten antzera toki guztietara jarraitzen zuen eta bere aginduei
jaramon egiten zien. Josune haserretu zen “honey” (laztana) bai katuari eta bai
emazteari deitzen zielako.
Jatetxe txiki batetan afaldu genuen “El Jardin” izenekoa eta atera baino
lehenago bertan zegoen andere bat hizkuntza arraro hura entzunda nongoak ote
ginen galde egin zigun. Euskaldunak ginela jakiterakoan asko poztu zen eta
hainbat galdera egin zizkigun. Motelera bueltatuta, weather channel berriro
ipini eta hurrengo egunerako aurrerapenak gure bidean euriak jarraitu behar
zuela zioen. Horrexegatik goiz jaikitzea erabaki genuen.