01/08/09 Grants (NM) – Chinle (AZ) / 422 km

 

Bederatzietarako prest ginen ateratzeko. Euritarako prestatu egin ginen, dena plastikozko poltsekin estalita. Hemendik aurrera gure ibilbidea dexente aldatu genuen Route 66 jarraitu beharrean. Lagun batek El Morro eta Zuni herriak ikusteko gomendatu zigun eta hala egiteko asmotan irten ginen. Bertara joateko errepidea hartu eta mila dexente aurrerago... errepidean obretan zeuden eta motoarekin gidatzea zaila izateaz aparte oso poliki joan behar izan genuen. Euririk ez zuen egiten, baina hala ere, bezperako ekaitza zela eta une batetik aurrera errepidea obretan eta lokatzez beteta zegoen. Ez genuen oso ondo pasa. El Morro-ra iritsi ginenean ibilbideak eta antzekoak proposatu zizkiguten baina alde egin genuen, horretarako ez baikenuen prestatuta. Zuni ikusteko asmoz jarraitu genuen. Bertan indioak bizi dira eta hiri barnea aspaldiko garaietan bezala mantentzen omen dute. Guk ezin izan genuen ikusi, udarako euri otoitzak zirela medio itxita baitzuten turistentzat. Gure bidetik atera ginen baina ez gauza onerako.

 

Gallup herria zeharkatu beranduxeago eta mototik ikusita asko gustatu zitzaigun. Berriro ere, lastima bat zen bertan lotarako gelditu behar ez izatea. Halako Santa Fe turistentzat prestatuta egon gabe dela dio Josunek. Aurreraxeago Route 666 hartu genuen (deabruaren errepidea deitzen omen diote) eta Arizonan sartu ginen eta berriro ere Navajo Nation lurraldean geunden. Euria hasi zuen eta gasolindegi batetan gelditu ginen euritarako jantziak ipintzera. Bertan zegoen gizon talde bat gurekin eta Wisconsin matrikula ikusita aluzinatuta gelditu ziren.

 

Bi bide posible genituen Chinle-ra iristeko: bide kaxkarra baina euririk ez ziurrenik (zeruko itxuragatik) eta bide ona eta euria hortxe hortxe. Arriskatzea erabaki genuen eta berriro ere, ekaitzatik libratu egin ginen juxtu juxtuan. Kilometro pare bat ere euripean egin genituen, baina berriro ere aurretik zeru oskarbia zegoela ikus genezakeen.

 

Canyon de ChellyInguru hauetan oso trafiko gutxi dago, errepideak nahiko estuak dira baina gustura ibili ginen. Chinlera iritsi ginean bertako kanpinean akanpatu genuen. Dohainik izan arren, nahiko txukun zegoen. Geroxeago bertako Canyon de Chelly ikustera joan ginen. Asko gustatu zitzaigun. Bertako paretak oso lauak dira eta aspaldiko biztanleen etxeak bertan ikusten dira, harrian dauden hainbat zulotan. Kanioi erdiko harri tontorra Navajoek “armiarma emea” bataiatu zuten, indioei harilkatzen erakutsi omen zien eta. Berriro ere, gure hizkuntza adituta edo, emakume batek galdetu zigun nongoak ote ginen. Berak gaztelaniaz bazekien eta Bakersfieldgoa zela esan zigun. Bertan jatetxe euskaldun ugari omen daude eta ondo eta merke jan omen daiteke. Denbora luzez bere familiarekin, Price-tarrak, hitz egiten aritu eta gero, beren etxean egun bat edo pasatzera gonbidatu gintuzten. Bakersfield, aldiz, ez zegoen gure ibilbidean.

 

Neka neka eginda, navajo janaria afaltzera abiatu ginen bertako motel batetako jatetxera. Ez zitzaigun gehiegi gustatu. Gainera, bertako navajo andereari bere kulturaz galde egin genionean, ez zigun kasu handirik egin. Gogoratu ginen informazio tokian zeuden laguntzaile guztiak ez zirela navajotarrak eta akaso ez dute bere kulturaren berri eman nahi turista nazkagarriei? Trumoiak jotzen hasi zuen eta gu, aldiz, lotara. Tamalez, gure kanpindendan ez daukagu weather channel.