01/08/10 Chinle (AZ) - Grand Canyon (AZ) / 553 km

 

Navajo Natio-n geunden bitartean herririk ez eta paisai ikaragarriak bai (ez dakigu non bizi diren indiarrak). Chinle-tik atera eta Monument Valley aldera abiatu ginen. Bidea oso polita zen. Four Corners aldera ez ginen gerturatu, baina beranduago jakin dugunez, benetan pena merezi omen du. Monument ValleyAldiz, Monument Valley-ra joan ginen. Nik Josuneri ez nion abisatu nora gindoazen sorpresa gorde nahian. Izugarri gustatu zitzaion. Zer den Monument Valley? Denok nolabait egon garen tokia. Indiar eta bakeroen pelikula guztietan ateratzen den paisaia gogoratzen, harrizko kukurutxo horiekin? Bertatik itzuli eta gero ETB2 larunbatero eguerdian botatzen dituzten pelikuletan beti agertzen da paisaia hau. Utah-ko estatuan dago kokatua. Errepidetik tontor handienak ikusten dira baina parkera sartzea ere posible da, barruan ordea, dena pistak omen dira, motoan ibiltzeko ez oso aproposak. Tontorretara igotzeko giarekin joan behar da. Presa genuen, Grand Canyoneko kanpinean lehendabizikoa iristen denak hartzen duelako tokia, beraz ez ginen parkean sartu. Kanpotik atera genituen argazkiekin eta gure oroimenean gelditzen den ikuskizun ederrarekin konformatu ginen. Orain pena ematen digu, benetan denbora gehiago merezi zuen Monument Valleyk.

 

Buelta eman eta berriro Arizona aldera itzuli ginen. Berriro ere, hodei itsusiak genituen atzetik. Ohi bezala, atzean utzi genituen. Hala ere, beti bezala euri pixka bat erori zitzaigun gainera, baina juxtu freskatzeko adina. Josune ibili zen egun guztia gezi bat erosi nahian. Navajotarra, alegia. Izugarri garestiak ziren arren, txollo bat aurkitu nahi genuen bere anaiari oparitzeko. Azkenean, ezin izan genuen lortu.

 

Grand Canyon aldera abiatu ginen azkenean. Josunek aspalditik joan nahi zuen eta niri toki oso turistikoak gehiegi gustatzen ez zaizkidan arren, tira han ginenez joan egin beharko. Zenbat eta gehiago gerturatu, autokarabana gehiago ikusten genituen. Autokarabana baino gehiago autobusak ziren. Gran Canyon-en sarrera iritsi ginenean beraiek eta guk berdina ordaintzen genuela ikusi genuen. Kobratzaileari esan nionean ez zitzaidala ondo iruditzen, guztiz ados zegoela erantzun zidan halako haserre aurpegiarekin.

 

Grand Canyon-era iritsi ginen bezain pronto Josune joan zen ikuskizunaz gozatzeko, nik motoa zaintzen nuen bitartean. Gero kontrakoa egin genuen. Beraz, ezin izan genuen biok batera horrelako paisaiak lehendabiziko aldiz ezagutu. Grand Canyon Ipar nahiz Hego aldetik ikus daiteke. Jendetsuena Hego aldea da eta gu bertara joan ginen, gero Route 66-ra bueltatu ahal izateko. Bi kanpinetatik Desert View inguruan dagoenean akanpatu genuen. Goiz xamar iritsi ginenez toki asko zegoen, baina ilundu zenerako beteta zegoen.

 

Grand Canyon Villagera joan ginen motoz, bidean hainbat tokietan geldituaz ikuskizunaz gozatzeko. Sarreran eman ziguten informazioarekin bagenuen ideia bat egin nahi genuenaz. Kayenta Four CornersLehendabiziko gauza bertan zegoen fast food toki batetan bazkaldu-afaldu egin genuen eta gero eguzkia nola sartzen zen ikustera joan ginen Hopi Point delako ingurura. Arratsaldea izugarri aproposa zen. Tximista egiten zuen urrutian, laino ugari zeuden ekialdean eta zati batetan lainoa behera joaten zen ura bilatu nahiz edo. Mendebaldean, berriz, zerua nahiko garbi eta eguzkia guregandik ezkutatuaz. Argazki ederrak egin zituen Josunek eta nik uste zaila izan behar duela egun aproposagorik aurkitzea bertan egoteko.

 

Ilundu eta segituan euria hasi zuen eta guk oraindik bide ederra genuen gure kanpinera bueltatzeko. Gauez eta euriz. Poliki poliki abiatu ginen. Aurreko kotxe baten argiarekin bidean ikusi genuen animali talde bat errepidea zeharkatzen. Irudi izugarri polita baina basatia bezain arriskutsua moto baten gainean dihoanarentzat. Behe lainoa ere bazebilen handik. Eta gu nahiko hoztuta ginen (Josune galtzerdirik gabe) Zorionez ez zuen euri gehiegirik egin eta ondo bueltatu ginen gure lozorrora. Hurrengo egunean akaso eguzkia sortzen ikusteko jaikitzeko asmoz.