01/08/02 Kenosha (WI)-Lincoln (IL) / 363 km

ChicagoGure ibilbidea Kenoshan hasi genuen, Kepa bertan bizi zelako. Hori zela eta, egun batzuk lehenago Chicagon bixitan izan ginen. Bertako Art Museum benetan polita da arte gustatzen zaionarentzat. Juxtu museo honen frentean ikus daiteke Route 66-ren hasiera adierazten duen kartela. Urrutian Sears dorrea ere ikusten da (ondoko argazkia, alegia) Hortaz aparte, “The Loop” eta dendaz jositako mila bat ere oso ospetsuak dira. Bertako arkitektura art déco motatakoa da gehienbat eta oso gure gustukoa. Sears dorrera igotzea posible da. Baita ere, Navy Pier inguruan jatetxe ugari, feriak eta itsasontzian ibilbideak eskaintzen dituzte. Hau dena ikusita, gu, esan bezala, Kenoshatik irten ginen.  

Oso goiz ateratzea zen gure asmoa. Lan egun arrunt batetan, Chicagotik irtetea eromena izan daiteke. Bertako autopista sarea zabala eta nahiko ona izan arren, dagoen trafikoak toperaino betetzen du bideak. Azkeneko lauzpabost egunetan eguraldi zoragarria egin bazuen ere, bezperan hodei ilunak hasi ziren nagusitzen.

Hainbat egunetako bidai bat Estatu Batuetan zehar motoz egiteko asmoa edukiz gero gauza bakarra ziurtatu daiteke: euriak harrapatuko zaitu. Eta horrela gertatu zitzaigun guri lehendabiziko egunean. Jeiki ginenean egin genuen lehenengo gauza leihotik begiratzea izan zen eta zirimiria ari zuela ikusi genuen.

Lehendabiziko eguna izanik, uste baino denbora gehixeago iraun genuen motoan trastuak ipintzen. Gainera, gure motoarentzat Givi motatako maletarik ezin izan genuen aurkitu eta hasierako egunetan ezin izan genuen traste guztiak behar bezain ondo ipini. Horretaz gain motoa euritarako prestatu genuen, trasteak ondo estali zabor poltsekin eta euritarako jantziak ipini genituen. Ondorioa: euripean eta nahiko deseroso atera ginen gure abenturan.

Hori gutxi balitz, azkenean zazpiretan abiatu ginen eta lanera zihoan auto andanarekin topo egin genuen. Ohi denez, egun dexente euririk gabe egon eta gero, euriteak zenbait istripu sorrarazi zituen autopistan eta beraz auto pilaketa are handiagoa zen. Goizeko lau t´erditan Jaiki baginen ere, hamarrak arte ez genuen lortu Chicago atzean utzi eta benetako Route 66 Jolliet-en hartzea. Nahiz eta hasieran zirimiria izan, gero gogor hasi zuen euria eta kriston zaparrada erori zitzaigun gainera eta horrelakoetan gertatu ohi den bezala, nire oinak eta gorputz guztia blai eginda nituen. Josune antzeko parecido. Hala ere, ekaitzatik lehenbailehen aldentzea erabaki genuen. Jolliet-en ateri zegoen eta gure ibilbidea jarraitu genuen.

Biderako nahiko erreferentzi onak genituen, publikatutako zenbait liburuetatik hartuta, baina Illinois estatuan ez ziren inolaz ere ez beharrezkoak. Bidegurutz guztietan bidea adierazteko seinaleak badaude eta erraza suertatzen da aspaldiko bidea jarraitzea. Denbora askoan jarraitu beharreko errepideak ez du zenbakirik eta trenbidearen ondoan segitzen du. Tarteka euria egiten zuela aurrera jarraitu genuen. Argazki kamara ez genuen eskura, maletak estaltzeko plastiko guztien azpian zegoen eta aldi berean guk erretratuak egiteko gogo handirik ez genuen. Chicago inguruetan izugarrizko ekaitza (kazkabarra barne) nahiko hotz gelditu ginen eta norabaitera iritsi eta lehortu eta arropaz aldatzea zen gure asmoa.

Egoera guzti guztiak okerrera jo dezaketela uste ez duenarentzat, eguerdiko lehendabiziko orduetan, Pontiac izeneko herrira iritsi baino mila bat lehenago edo hasi nintzen atzeko gurpila nahiko arraroa sentitzen. Gelditu egin ginen egoera zertan zen egiaztatzeko eta hara non eta atzeko gurpila zulatuta zegoen... Gure ibilaldia ez genuen ba horrela irudikatzen. Denbora guzti honetan Josune oso animotsua zegoen. Ni neu animoz nahiko baxu egonik, berak eutsi egin zion taldearen izpirituari.

Honelako egoera baten beldur, guk hartuta genuen AAA zerbitzua (“tripel ei”, gure RAC-en antzekoa) Zerbitzurik osoena aukeratuz gero, motoaren ezbeharrak barne daude. Urtebeterako prezioa: $70 inguru. Aldez aurretik baja emanez gero, dagokion diru kopurua bueltatu egiten dute. AAA-ren zerbitzuak Estatu Batuetako Estatu ezberdinetan zertxobait ezberdinak dira. Guk Wisconsin-go AAA-n egin genuen eta emandako zerbitzua bikaina izan dela esan dezakegu. Hala ere, zenbait tokitan irakurri izan ditugu kritika ugari.  

Pontiac-eko gure egoerara bueltatuz, telefono mugikorrik ez genuenez, handik igaro zen lehendabiziko poliziari keinua egin eta lagundu egin zigun. AAA-ren telefonoa komunikatzen ari zen une oro eta azkenean gure bila etor zitezen hango garaje batera deitu eta ordu laurden bat beranduago han zeuden. Alde ona: nahiko azkar etorri ziren. Alde txarra: Guk ordaindu behar izan genuen zerbitzua ($80) eta gero AAA-ri faktura bidalita dirua eskatu. Estatu Batuetan motoak orokorrean igandean buelta emateko makinak dira. “Bidaiatzeko” ez dira oso erabiliak eta beraz gurpila konpondu zein berri bat aurkitzeko denda bat aurkitzea arras zaila izan daiteke. Gu horretan zortea izan genuen: Pontiac bertan, nahiz eta herri txikia izan, bazegoen moto denda bat. Gurpila konpontzea posible zenez galdetu arren, ezetz esan eta berria saldu ziguten. Horretan ere zortea izan genuen, ze gertatu zitekeen bertan guk behar genuen neurrikoa ez izatea eta egun bat zai egon beharra. Hori bai, $230 ordaindu behar izan genuen gurpil berriarengatik...konpondu bitartean, eta eguzki izpi bat atera zela ikusiaz, txamarrak lurrean zabaldu genituen apurtxo bat lehor zitezen.

Gauzak honela, azkenean berriro abiatu ginen, nekatuta, baina gure arropak nahiko lehorrak zeudelarik. Arratsalde osoan euririk ez genuen eduki eta azkenean iritsi ginen gure lehendabiziko eguneko helmugara: Lincoln. LincolnHango kanpinera joan ginen. Oso txikia zen eta harrera tokian ez zegoen inoiz. Leku bat aukeratu genuen, denda montatu genuen eta arropa guztia poltsetatik atera eta lehortzen jarri genituen belar gainean zeren badirudi gure zabor poltsek bazutela nonbait zulotxoren bat (Murphu-ren legea, nonbait). Atseden hartzeko prestatzen ari ginenean... hodei ilunak ikusi genituen urrutian.  Josune, ordura arte oso lasai eta indartsu egon bazen ere, bildur handia sartu zitzaion gau guztia euripean pasatzeko ideiarekin, eta arropa guztia lurretik jasotzen hasi zen goazen hemendik ohiukatzen zuen bitartean. Bitartean nik eguraldiaren gizona gurekin etor zedin eramana nuen irrati txikian gure inguruetan ekaitz handia zetorrela entzuten ari nintzen eta beraz ez nuen Josunerekin eztabaidatu. Berriro dena motoan ipini eta Lincoln-eko motelik zikinenean bukatu genuen (Crossroad, 1305 Woodlawn Rd // $33.50). Hori bai, segituan iritsi zen euria eta gure erabakiaz poztu egin ginen.

Honelako egun baten ondoren kriston afaria behar genuen eta inguruetako jatetxeak ikertzen ibili eta gero oso itxura ona zeukan batetan sartu ginen: Bonanza. Segituan ohartu ginen “tipical American” ematen zuen jatetxea frankizia bat zela eta gure irlandar tabernen antzera gehiena edo dena itxurazkoa da. Ederki afaldu genuen. Estatu Batuetako jatetxe gehienetan azkeneko urteetan zabaldu da “free refill” politika. Zertan datza? Alkoholik ez duten edarietan nahi adina edateko eskubidea. Honen ondorioz, handik tripa janariz zein edariz beteta atera ginen, hainbeste behar genuen lo ordu batzuren bila. Hurrengo egunerako eguraldi gizonak euriarekin jarraitu behar genuela esaten ari zen. Moteleko “Weather Channel” (eguraldiaren telebista katea) tristuraz ikusi genuen. Handik aurrera, motelean pasatutako egunetan telebista kate honen ikusle porrokatua bihurtu nintzen, Josuneren katxondeorako.