01/08/12 Las Vegas (NV) – Barstow (CA) / 548 km
Nahiko goiz jaiki ginen berriro baina bero ikaragarriak jarraitzen zuen.
Kingman-era bueltatu ginen etorri ginen tokitik berriro Route 66 harrapatu
nahian. Berriro ere, bidean haize bolada ederrak zebiltzan, baina ez atzo
bezain bortitzak. Kingman-en bertako Mr. D´z izeneko dinner-ean gosaldu genuen.
Nik “huevos rancheros” eskatu nuen eta akaso inoiz izan dudan gosaririk
hoberena izan zen. Bete bete eginda eta aurpegi benetan zoriontsuarekin gelditu
nintzen. Horrelako gosariarengatik berriro ere bueltatuko nintzateke bertara...
Kingman-etik Needless bitartean errepidea ez dago oso egoera onean, baina
Black Hills izeneko mendiak zeharkatu behar dira eta ingurua oso polita da.
Gosaldu eta gero abiatu ginen. Errepide hartan ez zebilen inor. Mendi
tontorrera iritsi ginenean une batez gelditu eta Josuneri komentatu nion puntu
hortantxe ikusten zutela lehenengo aldiz Kalifornia, Arkansas eta Oklahomatik,
dena atzean utzita itxaropenez beteta etorkizun hobeago baten bila joaten ziren
emigranteak. Momentu batez beraiek sentituko zutena sentitzen saiatu ginen;
Kalifornia!!!! Oparotasunaren lurraldea!! Norbaitek Steinbeck-en “Grapes of
Wrath” (Gorrotoaren mahatsak) irakurri badu, jakingo du zertaz ari garen
hitzegiten. Zoritxarrez gero Kalifornian aurkitzen zutena ez omen zen hain
polita ...Berriro motoan igo eta maldan behera gindoazela aspaldiko urrezko
minak ikusi genituen eta segituan Oatman-en sartu ginen.
Bertatik urre
bilatzaileek hanka egin dute, baina mandoak gelditu dira.
Igandea zenez, turista ugari bildu ziren herrian eta bakeroen espektakulo
bat egin zuten. Ni motoa zaintzen gelditu nintzen bitartean Josune
kuxkuxeatzera eta kuxidadeak erostera joan zen. Mandoei zenbait azenario eman,
beraiekin argazkiak egin eta berriro gure bidean ginen. Paisaiak berriro ere
oso politak. Ni aldiz kezkatuta nengoen. Izan ere, gasolinaz nahiko larri
genbiltzan. Goizean goiz depositoa bete eta gero, Kingman-en ez genuen berriro
egin eta paraje hauetan ez zegoen gasolindegi zantzurik ere. Azkenean herri
batetara (Golden Shore edo) iritsi ginen eta bertan lanean zegoen mutiko bati
galde egin genion eta han gertu zegoen gasolindegi batengana bidali ninduen.
Berarekin hizketan nengoela polizia etorri zen eta motoa errepide ertzean ezin
nuela utzi errieta egin zidaten. Orduko bi kotxe igarotzen ziren handik eta
horrela jarri baziren. Deliturik ez eta horrelako gauzekin poliziarena egin
behar omen zuten, mutikoak aipatu zidanez.
Gasolindegian gelditu ginen ordubetez edo eta herriko jenderik xelebreena
ezagutu genuen. Kriston beroa zela eta, denak garagardoaren bila zihoazen
igandean irekita zegoen denda bakarrera. Aurrera jarraitu genuen eta
Californian sartu ginen. Bertara sartzeko garaian aduana moduko zerbait zegoen,
ibilgailuak beren arauekin bat datozela ziurtatzeko edo. Guri, aldiz, kasurik
ez. Needless-en berriro depositoa bete genuen. Aurretik basamortua genuen eta
gasolindegirik ez gure informazioaren arabera. Halaxe izan zen. Basamortuan
barrena apenas kotxerik ez eta dena zuzen mendi kate zoragarrien artean.
Eguzkia sartzen ari zen ordurako eta nire aurpegian jotzen zuen indar osoz.
Eskerrak Josune eguzkitarako betaurrekoak eskura zituela. Amboy-ra iritsi
ginenean ikusi genuen bertan bazegoela gasolina, baina igandea zenez itxita
zegoen. Guk ez genuen beharrik, hala ere. Prezioa bikoitza zuen dena den.
Nolabaiteko monopolioa zuen basamortuaren erdian zegoen gasolindegi hura. Gasolindegi
aurrean ROY´s Motel-Cafea zegoen, leku majoa zirudien baina itxita zegoen (esan
al dugu lehen zorte txarra genuela beti?). Amboy-k posta etxea bazuela ikusita
harritu egin ginen. Joshua Three National Park-era joateko bidea ere bazegoela
ikusi genuen. Aurrera jarraitu genuen eta Ludlow-n bide zaharra itxita zegoen
eta autopista hartu genuen.
Hala ere, segituan sartu ginen berriro errepide zaharrean. Newsberry
Spring-en lo egitea zen gure asmoa, baina bertara iristerakoan tokia ez
zitzaigun gehiegi gustatu eta aurrera jarraitu genuen, gaua gure gainera
erortzen zelarik. Barstow-raino jarraitzea erabaki genuen eta bertan Route
66-ko ikurra den motel batetan pasa genuen gaua: El Rancho Motel. Toki
xelebrea, palestinar batzuek kudeatzen zuten eta pare bat aldiz aldatu egin
ziguten gela, merkeena eskatu bagenuen ere, azkenean prezio berdinetik “hoberenetako”
bat eman ziguten, weather channel eta guzti. Herrian dena itxita zegoen eta 24
orduz irekita dagoen jatetxe kate bat aukeratu genuen amerikar erara gure
bidaiaren bukaeraren bezperan afaltzeko: Denny´s.