01/08/13 Barstow (CA) - Los Angeles (CA) / 323 km

 

El RanchoEgun hartan kilometro gutxi egin behar genituenez, goiza arropa garbitzen eta horrela igaro genuen. Moteleko igerilekuan ere bainatu ginen, hurrengo orduetan pasatu behar genuen beroari aurre egiteko asmotan edo. Azkenean hamabietan atera ginen. Hasieran route 66 hartu genuen, baina une jakin batetik aurrera dena autopistaz egin dugu. Los Angeles (hemendik aurrera LA) nik ez nuen erditik zeharkatu nahi: 40 kilometro baino gehiago semaforoz josita. Zati bat edo beste LA baino lehenago hartu ez izanaz damutu nintzen ze bertako bidea oso polita ematen zuen.

 

Azkenean eta kriston trafiko pilaren erdian LA ingurura iritsi ginen. Bazirudien bertan ginela, baina mendebalderako autopista hura bukatzen ez zela ematen zuen. Gainera, atasku pare bat ere bazeuden, baina guk nahiko azkar pasa genituen. Autopista inoiz bukatuko ez zela pentsatzen hasiak ginenean, azkenean Santa Monikako hondartzan agertu ginen, bertako parkingean. Berez atera behar nuen irteera atzean utzi nuen eta Josunek hain gustukoak zituen palmerak (gogoratu Clinton-en ikusitako bideoa) atzean utzi genituen.

 

SanamonikaJosuneri hori ez zitzaion batere gustatu nonbait, eta atzera egiten behartu ninduen, palmeretako kalea bilatu eta bertan erretratua egiteko. Segituan aurkitu genuen eta baita ere Route 66-eko amaiera (edo hasiera) ofiziala. Hala ere, gure haserrerako eta Chicagon ez bezala, ez zegoen hori adierazteko inolako kartelik. Santa Monika Boulevard eta Ocean Drive kaleen arteko bidegurutzean egin genuen erretratua, Estatu Batuetako arimaren bila egindako gure abenturaren bukaera.

 

Aurrerantzean, ni Urriatik aurrera UCLA-n egoteko etxearen bila ibili ginen eta baita zenbait lagun bisitatu ere San Francisco inguruan, baina hori beste histori bat da...