Abiatu baino lehen
Route 66-n zehar abiatu baino lehen (Get
your kicks on Route 66, ingelesez) lehen lehenik erabaki beharreko gauza kotxez
ala motoz egin behar duzun da. Hortaz gure iritzia jakin nahi baduzu, ikus Motoz ala kotxez?. Argi dago motoz joanez gero, hainbat gauza
hartu behar direla kontutan. Hala ere, bidaia motoz egitea pentsatzen baduzu,
motoz ibiltzen ohituta egongo zara eta edozein bidai luzean kontutan hartu
beharreko gauzak ongi aski ezagutuko dituzu. Motoa bertaraino eraman dezakezu,
baina ez da batere merkea (aduana tramiteak ere ametsgaiztoa dira) eta oso denbora luzea ez bazara bertan egon behar
moto bat alokatzeak pena merezi du. Kotxez egiteko asmotan bazaude, zeresanik
ez...
Gure
kasuan, Kepak Chicago inguruan (Kenoshan, alegia) lanean ihardun zuen eta
bertan bukatu eta gero Los Angeles-en pasa behar zituen beste hiru hilabete.
Beraz motoa, Yamaha YZF 600 1995, bertan erosi zuen. Modelo bera Europan FZR
600 bezala saldu zen. Merkatua ez da gehiegi mugitzen han eta dexente kosta
zitzaigun fidagarria zen moto bat prezio egoki batetan. Kotxe bat ere erostea
komenigarria izan daiteke, $1,000-etik aurrera edonon aurkitu daitezke zenbait
modelo zahar, baina hori bai, desertuaren erdian matxura baten ondorioz galduta
gelditzeko aukera asko izango dituzu.
Alokatzea baldin bada zure aukera, mototan
Harley Davidson bat alokatzea Internet-en bidez ez zaizu oso zaila gertatuko.
Eguneko $30 inguru aterako zaizu, baina letra txikia egongo da akaso... Eta
kotxea hartzen baduzu, epe luzerako alokatzea Hertz, Avis eta Enterprise-n
begiratu ezazu Internet-en bidez eta baita ere galdetu bertako bidai agentzi
batetan. Prezio guztiak ezberdinak direla ikusiko duzu. Azkenik, beste aukera
ere baduzu, autokarabana bat alokatu. Guk pilo bat ikusi genituen gure bidean.
Beraiek RV deitzen diete (Recreational Vehicle) eta alokatzea ere posible da. Horren
prezioari dagokionez, ideiarik ez, baina kontutan hartu gaua pasatzeko kanpin
batetara joan eta partzelaren prezioa ordaindu beharko duzula ($12-18)
Alokatzen baldin baduzu, bi aukera dituzu:
Ibilgailua bukatzen duzun puntuan utzi edo hartutako lekura bueltatzea.
Chicago-Los Angeles autopistaz 42 ordutan egin daiteke gutxi gora behera, beraz
zuk aukeratu. Argi eduki gauza bat: Hartu ez duzun tokian ibilgailua bueltatzea
ikaragarri garestitu dezake prezioa eta hegaldiaren prezioa ere igotzen da buelta
beste toki batetik eginez gero.
Hau dena, behin erabakiz gero, garrantzitsua
izan daiteke osasun aseguru bat eta errepideko asistentzia ere bai. Lehendabizikoari
dagokionez, Estatu Batuek ez dute Euskal Herriko osasun sistemekin akordiorik eta
medikura joan behar izanez gero... zure kontu. Hala ere, nik ezagutzen dudan
pertsona batek lortu zuen han egondako eritetxeko faktura Osakidetzak
ordaintzea... Errepidean larrialdiren bat gertatuz gero, AAA zerbitzua (gure RAC-en
antzekoa) oso ondo funtzionatzen du. Zerbitzu arrunta eta berezia dute:
aurrenekoa kotxea bermatzen du eta bereziak autokarabana zein motoa barrenean
hartzen du. Informazio gehiago? Joan http://www.aaa.com/ web
orrialdera. Hori bai, ziurrenik alta emateko bertako helbidea beharko duzu,
akaso alokatzen duzun tokiarena erabili dezakezu. Noski, alokatutako
ibilgailuak ere barne sartzen dira.
Hau dena egin eta gero, mapak beharko
dituzu. AAA-k dohainik emango dizkizu, baina zuk behar duzunerako ez dira oso
egokiak. Detaile gutxi agertzen baita bertan. Hala ere, guk horiek erabili
genituen eta batzutan galdu baginen ere... detaile handiko mapak erostea oso
garestia izan daiteke. Ia ia iritsi ginenean, denda batetan ikusi genuen liburu
bat jarraitu beharreko ibilbidea oso ondo zehazten duena. Tamalez, haren erreferentzia
ezin dizugu eman. Maparik gabe ere joan zaitezke, bidea nahiko ondo adierazita
baitago, baina zer ikusi nahi duzun argi baduzu, hobeto da mapa bat eramatea.
Azkenean, nahiz eta bidean eragozpenik
izateko arrazoirik eduki ez, hobe duzu planifikatzea etapa bakoitza. Oso azkar
zein motelegi joatearen arriskua handia da. Aldez aurretik non lo egin behar
duzun jakitea ez dator inoiz gaizki. Orokorrean esanda, Kaliforniara iritsi
baino lehenago ez duzu inon leku arazorik izango. Eta motelak nonahi aurkituko
dituzu. Guk motel eta kanpinetan egin genuen lo. Kanpina zenbait National Park
zoragarri ezagutzeko parada eman zigun eta moteletako xarma ere ez da makala
(eta noizean behin ohe bigun batetan lo egitea ere ez dago gaizki)
Azkeneko aholkua AEB-n inoiz egon ez
direnentzat: jatetxe guztietan %10-15-eko dirulaguntza utzi egin beharko duzu
zerbitzuagatik. Ez baduzu horrela egiten.... munduko pertsonarik zuhurrena
izango bazina bezala agurtuko zaituzte. Hain da jokaera hau zabala, ezein
zenbait tokitan kontuan bertan gehitzen baitute. Ah! eta gasolinarena ez beste prezio
guztiak zergak kontutan hartu gabe ikusiko dituzu.
Azkenik, gure bidaiaren etapa ezberdinak
patxaraz irakurri eta bertan ere gure esperientziatik akaso zerbait ikasi
egingo duzu. Route 66-ren 2,400 milak zure zai dauzkazu, bitxikerietaz beteta.
Oharra: Gure bidaiaren berri ematen
dugunean, egun bakoitzean aipatutako kilometro kopurua guk egindakoa da,
edozein gidan agertzen dena baino dexente gehiago. Izan ere, tokiak bisitatu
zein bidea galtzen genuen bakoitzean kilometro gehigarriak egin behar izan
genituen.